* ABIERTA, TEMPORADA 23/24...
>>SOLO LA LIGA Y CH. LEAGUE!!
· Más detalles en... COMO JUGAR
Paris Saint-Germain Europako Kopa irabazteko egitasmo bat da aspaldi, baina bide malkartsu horretan eraman ezin duen gauza bat dauka: ez da Frantziako aurreneko txapelduna izango. Marseillak du ohore hori; aurreneko irabazlea, eta, oraingoz, bakarra izatearena. Horrek, besteak beste, hexagonoko talderik jendetsuena eta herrikoiena izateko aukera eman dio Olympique Marseillari. Lyonek zazpi liga jarraian irabazi zituen XXI. mendearen hasieran, PSGk bere palmaresa izugarri piztu zuen ondoren, Qatarren eskutan geratu zenean. Baina tituluak titulu, Frantziako zaleen talde kuttunak beste batzuk dira. Historikoki, Stade Reims, Saint-Etienne, Nantes, nostalgikoenak aipatzearren.
Paris Saint-Germain klub gaztea da. Mende erdia besterik ez du. Frantziako hiriburuko eliteek eta artistek sortu zuten, hango futbolari distira emateko. Racing Club Paris izan da betiko klub historikoa. Baina PSG marka bat bilakatu zen hasieratik, Jean Paul Belmondo eta garaiko bere lagunek bultzatuta. Beti azkar hazi nahi izan du, prozesuei garrantziarik eman gabe, eta azken hamarkadako PSG da horren eredu. Ikur handi baten inguruan antolatu izan dute taldea: Zlatan Ibrahimovic izan zen QSIren aurreneko izar handia; Kylian Mbappe, bigarrena, egungo armarria. Eiffel dorrea itzalean izan dute bi horiek, hiriburuko monumento nagusi bilakatuta futbolari esker. Baina usteak erdi ustel. Klubaren egitasmoak eurak dira, izarrak, eta Europan jasandako porroten ondorioz hegan atera izan dira purpuraz asebeteta. Neymar, Messi, Verratti, Cavani, Rabiot, Di Maria… asko dira zalapartaren erdian alde egin dutenak.
Guri beste garai batzuetan erakargarriagoa bilakatu izan zaigu berez xarma gutxi duen kluba. 1996an Errekopa irabazi zuen PSGk Luis Fernandez aulkian zuela. Rapid Vienaren aurkako finala Euskal Herrian prestatu zuten. Hendaian izan ziren, Serge Blancoren etxean, eta entrenatu, Irunen, Stadium Galen. Han konturatu ginen kluba beste dimentsio batean sartua zela. Canal + telebista katearen esku zegoen, eta irudi eskubideen mailan beste guztiei aurrea hartuta zeuden. Daniel Bravo, Youri Djorkaeff, Rai, Loko, Dely Valdés… ikusi genituen Irungo lan saioan, eta amaieran Luis Fernandez entrenatzaileari elkarrizketa eskatuta, hark ezetz: “Canal + kateak ditu gure irudi eskubideak. Ezin ditugu elkarrizketarik eman”. Orduan ikusi genuen etorkizunean lanerako izango genituen eragozpen berrien hasiera. Zur eta lur geratu ginen… duela 27 urte!
Full Story