Deabru gorriak || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Deabru gorriak

BLOG

Deabru gorriak
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 2

Image2018-06-26

 

 

 

80ko hamarkadakoak dira Belgikako futbolaren oroitzapenik onenak: Anderlecht, Brujas, Standard Lieja, Lokeren, Beveren, KV Mechelen… eta deabru gorriak. Hala esaten diote aspaldi Belgikako selekzioari.

 

   Italiako Eurokopan (1980) mugimendu deigarria egiten zuten belgikarrek aurkaria jokoz kanpo uzteko: denak elkarrekin, bat eginda, urrats bat aurrera, sakon jokatu nahi zuen kontrako taldearen asmoa zapuzteko. Han ziren, besteak beste: Jean-Marie Pfaff atezaina, Eric Gerets, Meews, Millecamps, Renquin atzelariak; Vandereycken, Van Moer erdilariak; Franky Van der Elst, Erwin Vanderbergh ehiztariak, Jan Ceulemans, hegalari hankaluzearekin batera. Guy This hautatzaile zuhurrak zuzentzen zuen talde hura. Txapelketa hartako finalera iritsi ziren belgikarrak.

 

   Klub mailan, Anderlecht, Standard Lieja eta Brujas Europako finaletan arituak ziren (KV Mechelen ere bai, hamarraldiaren amaieran). Eta 80ko hamarkadaren erdialdean, Espainia eta Mexikoko Mundialarekin bat, talentu handiko gazteak batu zitzaizkien arestian aipatu jokalariei: Frank Vercauteren, Ludo Coeck eta Vincenzo Scifo, bereziki. Mexikoko Munduko Kopan (1986) finalerdietara iritsi ziren, Espainia aurreko kanporaketan azpiratuta. Maradonaren erakustaldiak eragotzi zien belgikarrei estreinakoz finalera iristea. Handik aurrera hutsune handia sortu zen herrialde hartako futbolean.

 

   2000. urtean Belgikak Eurokopa antolatu zuen Herbehereekin batera. Ez ziren garairik onenak deabru gorrientzat. Hango klubek indarra galdu zuten nazioartean eta orduko belaunaldia pattala zen. Golegilerik ezean, Genk taldean ospea lortu zuen  Branko Strupar kroaziarrari Belgikako selekzioan jokatzeko aukera eman zioten. Urte batzuk lehenago gauza bera egin zuten Luis Oliveira Anderlechteko aurrelari brasildarrarekin. Lehorte handia zegoen. Ordukoak dira afrikar jatorriko futbolarien aurreneko ekarpenak selekzioan, Kongoko M’Penza anaien golekin. Selekzioak ez zuen maila ona eman Europako txapelketa hartan, eta urteak behar izan zituen garai bateko distira berreskuratzeko.

 

   Eden Hazard kapitainaren inguruan, talentu handiko belaunaldia elkartu zen Brasilgo Mundialari begira. Lillen Liga eta Kopa irabazi zituen 2010/11 denboraldian, eta Chelseak fitxatuta beste maila batean dabil orain. Antzeko bidea egin dute azken urteotan Thibaut Courtoisek (Ligan eta Premier Leaguen), Kevin de Bruynek (Bundesligan eta Premier Leaguen), Dries Mertensek (Calcioan), Romelu Lukakuk (Premier Leaguen)…

 

   Final-laurdenetako langa da mugarria azken boladan. Ezin haratago egin. Belgikaren aurreikuspenak handiak izan dira urrezko belaunaldi honekin, baina Marc Wilmots jokalari ohi eta hautatzailearen aginduetara deabru gorriak ez atzera ez aurrera geratu ziren. Handien aurka lehiatzeko bultzada bat behar zuten.

 

   Buruak zeresan handia du. Arlo horretan aurrerapausua egin beharra ikusi zuten Belgika aldean. Atzerritik eraman zuten hautatzailea, Premier Leaguen trebatua, baina ingelesen ohiko estilotik urrun. Robert Martinez kataluniarrak meritu handiko bidea egin du futbolean: jokalari gisa Zaragozaren harrobitik Ingalaterrako 3. Mailara egin zuen jauzia, eta futbolari gisa fitxatu zuen taldea urte batzuk geroago FA Cupeko txapeldun egin zuen entrenatzaile bezala. Wiganen ez dute sekula ahaztuko. Han, Evertonen, eta aurretik Swansean, Iñaki Bergara ondarrutarra bidelagun izan du atezainak entrenatzen. Belgikako selekzioan ere elkarrekin ari dira. Iñakik egungo atezainik onenetakoa du eskuartean. Belgikak ez zuen horrelakorik Pfaffen garaietatik.

 

     Robert Martinezek taldearen maila igotzeko beharrezkoa ikusi zuen arlo psikologikoa lantzea. Horretarako Munduko txapeldun bat fitxatu zuen, Frantziako selekzioko ikurrra izandako aurrelaria: Thierry Henry. Haren aholkuekin, Hazard, De Bruyne, Lukaku eta enparauak lehiakorragoak izan daitezkeela uste du kataluniarrak.

 

   Ingalaterrari aurre egingo diote azken jardunaldian multzo buru izateko asmoz. Premier Leaguen lehiatzen zaildu dira Courtois, Kompany, Vertonghen, Alderweireld, De Bruyne, Hazard, Lukaku, Batshuayi eta gainerakoak.

 

   Duela 30 urteko belaunaldiaren arrastoari jarraiki, jokoz, garaipen gosez, marka guztiak hautsi nahi dituzte deabru gorriek. Zerbait handia egiteko tenorea iritsi dela uste dute. Lastima Marc Degrysek eta Luc Nilisek ez zuten horrelako belaunaldi bat bete-betean harrapatu.

 

 

 

                                                                                                      Naxari Altuna (kazetaria) Image



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA