Mundu zabaletik Mundialera || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Mundu zabaletik Mundialera

BLOG

Mundu zabaletik Mundialera
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

 

Image2018-07-03

 

Marius Tresor eta Gerard Janvion gogoan. Ondoren, Jean Tigana, Marcel Desailly, Bernard Lama, Florent Malouda eta beste hainbat… Kylian Mbappe arte.

 

    Argentinako Mundialean (1978) azaldu ziren Frantziako selekzioaren hamaikakoan Tresor dotorea eta Janvion sutsua. Guadalupeko uhartean eta Martinikan jaioak. Bi atzelariek nortasun handia eman zioten hexagonoko selekzioari Argentina eta Espainiako Mundialetan. Joko aldetik, frantziarren garairik oparoenak ziren. Frantziako itsasoz haraindiko lurraldeetatik joandako hainbat futbolarik jantzi dute selekzioaren elastikoa. Hango futbolarien eta Afrikan jaio direnen, edo handik beharrak jota alde egin zutenen seme-alabek, distira eman diote metropoliko futbolari.

 

   Aitzindariek atea zabaldu zieten ondorengo belaunaldiei. 1998an gailurra jo zuen Frantziak, ¨Blanc-black-beur” deitu zuten belaunaldiak. Integrazioaren eredu gisa erabili nahi izan zuten agintariek, baina hiri handietako periferian ondorengo urteetan sortu ziren protestek eta liskarrek gizartearen injustiziak agerian utzi zituzten.

 

   Bernard Lama Frantziako atezaina izan zen Ingalaterrako Eurokopan (1996); bi urte geroago, etxean irabazi zuten Mundialean,  Fabien Barthezen ordezkoa. Futbolari agur esan zionean, Guyana jaioterrira itzuli zen. Hango futbola garatzeko ahaleginean, metropoliaren interesekin talka egin zuen. Florent Malouda, Chelseako futbolari ohia ere Guyanan jaio zen. Frantziarekin 2006ko Mundialeko finalera iritsi zen. Bere kirol ibilbidearen hondarrean Guyanako selekzioarekin jokatzea erabaki zuen. Frantziako itsasoz haraindiko eskualdea CONCACAF (Ertamerika eta Karibeko futbol konfederazioa) erakundeko kidea da;  FIFAk, ordea, ez du bere baitan onartzen. Frantzia du haien ordezkaritzat. CONCACAFek  antolatzen duen Urrezko Kopan Maloudak Guyanarekin jokatu eta FIFAk zigortu egin zuen, Guyana CONCACAF erakundeak onartutako selekzioa izan arren.

 

      Rachid Mekhloufi Aljerian jaio zen baina Frantziako selekzioan jokatzera behartu zuten, harik eta gerra garaian hainbat herrikiderekin batera Aljeriaren Askapenerako Frontearen futbol taldea sortu zuen arte. Saint-Etienne eta Frantziako selekzioko izarretako bat zen garai hartan, Raymond Kopa eta Just Fontainerekin batera. 1958ko Mundialaren atarian ihes egin zuen Frantziatik. Erbestean defendatu zuen aljeriarren izana, taldeko ikur gisa. Horregatik, Frantzian jokatzea debekatu zioten, eta  urte batzuk geroago, zigorra amaituta, Kopako finalean gol erabakigarria sartu eta garaikurra jasotzera hurbildu zenean, Charles De Gaulle presidenteak Saint-Etienneko futbolariari amorruz zera esan zion: “Frantzia zu zara”.

 

    Itsasoaren erdian jaio zen Rio Mavuba erdilari txikia, gurasoak Angolako gerratik ihesean zebiltzala. Frantziara iritsi eta han geratu ziren. Mavuba erdilaria Bordeleko prestakuntza zentroan hazi zen; selekzioa ate joka joan zitzaionean apatrida zen: aberririk gabeko futbolaria. Frantziako nortasuna eman zioten.

 

 

  Hexagonoko selekzioa jatorri ezberdineko futbolarien ekarpenari esker aberastu da. Munduko txapeldun izateraino: Zidane (Kabyliako jatorria), Thuram (Guadalupekoa), Desailly (Ghanakoa), Vieira (Senegalgoa), Djorkaeff (Armeniako jatorria), Henry (Antillarra)…  Datorren urtean emakumezkoen Munduko txapelketan ere ikusiko dugu Frantziaren askotariko izaera: Sarah Bouhaddi, Amel Majri, Sakina Karchaoui, Wendie Renard eta enparauekin. Futbola gizartearen ispilua da. Etengabeko mugimenduan. Hamaika gorabeherekin.

 

   Herbehereek ere lurralde urrunetan jatorria duten jokalariak hartu zituzten 80ko hamarkadaren amaieran. Surinamen zituzten erroak. Holandako selekzioko ikur bihurtu ziren Rijkaard, Gullit, Davids, Seedorf eta beste hainbat. Belgikan, M´Penza anaiak aitzindariak izan ziren. Kongon jatorria duten aurrelari horiek atea zabaldu zieten ondoren selekzioan lekua hartu dutenei: Kompany, Boyata, Witsel, Fellaini, Chadli, Dembele, Lukaku, Batshuayi, Benteke... Adnan Januzaj Realeko futbolariak deabru gorriekin jokatzen du, baina beste bost selekziotan  aritzeko aukera zuen: Kosovon, Albanian, Serbian, Turkian eta Ingalaterran.

 

   Espainiak hegoamerikarrak baliatu izan ditu eta erakartzen ditu oraindik ere bere selekziora. Afrikarren bat ere  bai. Italiaren antzera. Portugalen, Eusebio da zaleen futbolari kuttuna. Mozambiquen sortu zen mundura, eta Cabo Verde zein Angolako jokalarien ekarpena ere funtsezkoa izan da. Eta, zeresanik ez, Afroamerikarrena, Brasilen, Kolonbian, Ekuadorren, Perun, Uruguain…   eta euskal edo italiar  jatorria dutenena, Argentinan eta beste hainbat selekziotan. Futbolaren antropologia.

 

   Alemaniak Ghanan jaiotako Gerald Asamoah aurrelariari selekzioan jokatzeko aukera eman zion 2001ean. Jatorri bereko David Odonkor erasoko jokalaria iritsi zen gero, Patrick Owomoyelarekin batera. Jerome Boateng atzelariak Alemaniarekin jokatzea erabaki zuen bitartean, Kevin Prince anaiak Ghanaren alde egin zuen. Antonio Rudiger erdiko atzelariaren gurasoak Sierra Leonako gerratik ihesi iritsi ziren Alemaniara. Semea Nationalmannschaftean ari da egun. Poloniarrak ere izan dira Alemaniarekin: Klose eta Podolski; Tunisiako jatorria dutenak: Khedira; espainiarrak ere bai: Gonzalo Castro eta Mario Gomez. Alemanian Turkiako etorkinak dira nagusi, Ozil eta Gundogan horren isla direlarik. Bereziki, Europako selekzioen aurpegia zeharo aldatu da azken 25 urteotan.

 

   Balkanetako gerratik ihesi

 

   Jugoslaviako liskarrek ere arrastoa utzi dute mundu osoan. Euren etxetik alde egin behar izan zuten milaka eta milaka gizasemek. Han-hemenka hartu zituzten, eta euren seme-alabek hainbat herrialdetako selekzioak aberastu dituzte. Suitza nabarmendu da horretan. Kosovoko jatorria duten futbolariei esker, helvetiarrek urrats bat aurrera egin dute, Errusiako Mundialean ikusi dugun lez. Xhaka eta Shaqiri protagonista izan ziren Serbiaren aurkako lehian; gol bana eginda, euren izana aldarrikatu nahi izan zuten keinu sinboliko batekin ospatuta. Irudia oso adierazgarria izan zen. Granit Xhaka erdilariak Suitzarekin jokatzen du; Taulant, anaiak, berriz, Albaniarekin. Elkarren aurka lehiatu ziren Frantziako Eurokopan. Shaqiri, Xhaka, Behrami, Dzemaili, Gavranovic, Drmic, Seferovic… Suitzako balkanikoak. Duela gutxi, Suedian jaio eta Norvegiako selekzioan jokatzen zuen Valon Berisha, Salzburg taldeko kapitainak, Kosovoko selekzioaren aldeko hautua egin zuen, UEFAk bere gurasoen jaioterria onartu zuenean.

 

   Eskandinaviako selekzioak ere aberastu dira migrazio mugimenduari esker. Danimarkak Pione Sisto eta Yussuf Poulsen ditu taldean. Suediak, Durmaz eta Kiese. Zlatan Ibrahimovic, azken urteotako izarrak, Jugoslavia ohikoak zituen gurasoak. Baina, Martin Dahlin eta Henrik Larsson izan ziren aitzindariak 90ko hamarkardan.

 

   Poloniako selekzioan Emmanuel Olisadebe aurrelari nigeriarra ageri zen XXI. mendearen hastapenean. Golegile baten beharrak bultzatu zuen hango federazioa Olisadebe poloniar bihurtzera. Europa ekialdeko selekzioen artean ez zen ohikoa. Austrian, David Alaba nagusi bilakatu da. Eta ingalaterran ohitura bilakatu da Jamaican jaiotako jokalariak selekzioan ikustea, Raheem Sterling, kasu; baina bere aurretik John Barnes bezalako jokalariek asko sufritu zuten. Viv Anderson eskuin atzelaria izan zen Ingalaterrako selekzioan jokatu zuen aurreneko futbolari beltza. Duela 40 urte gertatu zen hori. Arrazakeriaren mehatxua gainditu behar izan zuen.

 

   Marokok, Tunisiak, Senegalek… Frantzian eta Espainiako estatuan jaiotako hainbat etorkinen semeak hartu dituzte euren baitan. Gurasoen jaioterriko selekzioaren elastikoa jantzi nahi izan dute. Keita Balde, Senegalgo aurrelaria, esaterako, Katalunian sortu zen. Futbolak aukera eman dio bere gurasoek utzi zuten lurra ordezkatzeko. Yasine Bounou Marokoko atezaina Kanadan sortu zen, Achraf Hakimi hegalekoa, Madrilen. Frantzian jaio ziren Mehdi Benatia eta Manuel Da Costa atzelariak, Hakim Ziyech erasoko erdilaria Herbehereetan...

 

   Mundua eta Mundiala jira-biraka.

 

 

                                                                                      Naxari Altuna (kazetaria) Image

 



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA