Frantziako futbola, kinka larrian || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Frantziako futbola, kinka larrian

BLOG

Frantziako futbola, kinka larrian
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 3 / 2

Image2021/02/01

 

 

 

   Negua gogorra izaten ari da. Zaila. Frantziako futbolarentzat negu gorria aspaldi hasi zen, ordea. Koloretsua, armoniaz betea garai batean, erro sendoekin; Munduko txapeldunak dira, baina joka-lekua  ez da osasuntsua. Hexagonoko futbolaren sustraiak bilatzen baditugu, azken hilabeteetan zendu diren hainbat jokalari, entrenatzaile eta presidente ekarri beharko genituzke gogora: Michel Hidalgo, Robert Herbin, Bruno Martini, Pape Diouf

 

   Jokoarekin konpromiso estua izan zuten horiek; gauzak egiteko eta futbola bizitzeko beste era bat zuten. Formakuntza aldetik, aitzindari eta eredu izan dira hango klubak: haztegiko lan metodologian, jokoaren garapenean… baina garai berriek talka egin dute jatorrizko balioekin.  Aldaketa ez da egun batetik bestera gertatu. Gizartearen metamorfosiarekin bat egin du.

 

   Marseillako zaleek eztanda egin dute. Hiriaren ikur nagusia da OM, Europako Kopa irabazi duen Frantziako klub bakarra. Paparrean daramaten izarra euren mugarria eta ispilua da, aldi berean. Velodrome futbol zelaia sumendi bat bezalakoa da. Harmailak kaleko giro biziaz zipriztinduta, zaleentzat euren taldeak ez du parekorik futbolaren unibertsoan. Marseille Trop Puissant!, irakur daiteke pankarta zahar batean. Klubaren urrezko aroaren ostean jaiotako jarraitzaile taldea da hori. Hondoa jo zuen OMk Europako Kopa irabazi eta handik gutxira, gehiegikeriek itota, eta Bigarren mailatik hasi behar izan zuten indarra hartzen. Bernard Tapie presidente historikoaren trikimailuek eraman zuten zulora, urtebete lehenago gailurra zapaldu eta gero. Marseille c’est trop!, esan liteke. Basatia.

 

 

    Frank McCourt enpresari estatubatuarrak Olympique Marseilla erosi zuen duela lau urte, helburua argi finkatuta: “Europako onenen artean izatea”. Presidente kargurako Jacques-Henri Eyraud paristarra aukeratu zuen, futbol munduarekin zerikusirik ez zuen kudeatzailea. Enegarren egitasmo arrotza Marseillan. Andoni Zubizarreta izan zen kirol zuzendaria aurreneko urteetan, eta berehala jabetu zen kluba eta hiriaren berezitasunaz. Europa Leagueko finala jokatu zuten aurreneko denboraldian, Txapeldunen Ligan sartu zen taldea gero, Andre Villas-Boas entrenatzailearekin. Baina Zubizarretak kluba utzi zuen duela hilabete batzuk, Europan porrotak pilatu dituzte, eta Ligan gainbeheran dira. Zaleek etxetik jarraitu dute klubaren ibilbide okerra. Eta harmailetan erakutsi izan duten grina, La Commanderie entrenamendu zelaira eraman zuten larunbatean. Bortizki. Trop puissant!

 

   Klubeko agintariak, futbolariak, teknikariak eta langileak jota geratu dira han gertatutakoarekin. Baina zaleen indar erakustaldia ez da bat-batean sortu den zerbait. Jarraitzaileek indar handia dute Frantzian; kolektibo sendoak dira. Hauspoa ezezik, presio talde ere bilakatu ziren aspaldi.

 

   Javier Clemente duela hogei urte hango aulkira iritsi zenean, taldea ezagutu aurretik, zaleen kezkak entzun behar izan zituen. La Commanderien azaldu ziren, larunbatean indarrez sartu ziren leku berean. Baina oraingo honetan futbolariak eta entrenatzailea oso estu hartu dituzte.

 

   Saint-Etienne klub handiaren zaleak ere euren taldearen entrenamenduan azaldu ziren egun berean kontu eske, Lyonen aurkako derbian 0-5 galdu ostean. Claude Puel entrenatzaileak eta futbolariek jarraitzaileak entzun zituzten, “begirunez” protagonisten hitzetan, tarteka horrelako egoerak sortzen baitira Frantzian.

 

   Klub historikoen indar eta identitate galera jomugan, modu arras ezberdinean bideratu dute haserrea Marseilla eta Saint-Etienneko zaleek.

 

   Nantesen ere aspaldiko gatazka dute klubeko jabearekin: Waldemar Kita enpresari poloniarra da nagusia eta sustraietara itzultzeko borrokan ari dira zaleak, jokalari historikoen babesarekin. Protestarako beste bide bat aukeratu dute hango jarraitzaileek, irmoa, baina ez Marseillakoena bezain bortitza.

 

   Bordelen ere ez da giro. Girondins ospetsua behea jota dabil aspaldi, eta jabe berrien etorrerak arazoa areagotu egin du. Inbertsio-funts amerikar batek eskuartean hartu zuen eskapularioaren kluba: formakuntzan trebatua, Akitaniako eskualdean sustrai sendoak dituena. Baina nortasuna galdu dute bidean, harmailetan aspaldi gaiztotu zen giroa eta aspaldiko jokalariak goibel daude klubaren ibilbidearekin.

 

   PSGren ereduak arrasto kezkagarria utzi du Frantziako futbolean. Lille txapelketa irabazteko borrokan ari da paristarrekin, eta kluba Luxenburgeko inbertsio-talde bati saltzear dira, bidearen erdian.

 

   Identitate galerarekin batera, L1eko klubek kolpe zitala jaso berri dute, euren irudi eskubideak MEDIAPRO enpresari hurrengo lau urteetarako saldu eta denboraldi erdian erosleak kontratua etetea erabaki ondoren. Aurrekontuak hankaz gora geratu dira eta etorkizuna kinka larrian. 

 

 

 

                                                                                                             Naxari Altuna (kazetaria)



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA