Ihintza maitea! || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Ihintza maitea!

BLOG

Ihintza maitea!
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 3.667 / 3

 

ihintzaEgunsenti esna berriaren moduan sartu zen gure etxean udaberriko egun eguzkitsu batean. Hilabete zen begiak zabaldu zituela. Txuri-beltza. Bizkorra eta polita. Hain zen txikia, ezen balkoira atera eta zirrikitu batetik behera erori baitzen. A zer sustoa! Korrika batean jaitsi nintzen behera, txiki-txiki eginda izango zen beldur. Gomazkoa ote? Urratu bakar bat ere ez! Bezperan Bordelen izan ginen, UEFAko finala ikusten: Girondins-Bayern Munich. Egun osoa lanean eta biharamuna astuna suertatu zitzaigun, bera iritsi zen arte. Orduan argi berezi bat piztu zen gure etxean. Familia handitu zen bat-batean.


 

Hamaika irri egin genituen elkarrekin. Beti begi bat erne, badaezpada. Bihurria. Txoriekin, katuekin, erleekin, ardiekin, denekin aritzen zen jolasean. Bera bezalakoekin, ordea, ez zen hain ondo moldatzen. Basatiak ikusten zituen, nonbait. Behin eraso egin zioten mendian, eta ez zuen bide hura gehiago zeharkatu nahi. Dardarka hasten zen min egin zioten leku hartara itzultzen ginen bakoitzean, ihes batean. Saltaka, arropari tiraka, maitagarri, gaizki egindakoaz damu beti. Loaldia sakratua zen. Esnatu? Ezta pentsatu ere. Ametsak ernetzen zirenean leihoaren beste aldetik ikustea xarmagarria zen. Loari lotzen zitzaion, gazteluko zaindariek etsaien aurrean erakutsi ohi duten oldarkortasunarekin.

   Jolasean artista, eta erronken aurrean 442 malgua. Keinua egin eta erantzun; laztandu eta  bihotzbera. Eguna goibel esnatu da gaur. Txuria eta beltza nahasirik. Oroimena lausoturik. Udaberriak beste egun bat ekarriko digu bihar, eta ihintzak zabalduko dizkigu begiak, ametsek atsedena hartzen duten unean. Txuri-beltzean.

 

    Pdt. Portori buruz zerbait idatzi nahi nuen gaur. Beste baterako utziko dut, ordea. Gure txakur maiteari ohore. Adiorik ez!

 

 

                                                                                                                               Naxari Altuna Errazkin



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA