Koherentziaren garrantzia || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Koherentziaren garrantzia

Koherentziaren garrantzia
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 2

 

Image2018/12/28

 

   Imanol Alguacilekin izan ginen orain astebete. Jokoaz hitz egiten. Futbolaren esentziaz. Sanseren inguruan aritu ginen, Arenasen aurkako partidaren atarian. Urteko azken neurketa zen. Urte oso berezia entrenatzaile oriotarrarentzat, asko zaildu baita aulkian, eskarmentua lagun. Sansek denboraldi itzela egin zuen bere eta haren laguntzaileen eskutik. Jokoa bidelagun. Maila guztietan, goitik behera, Reala ezagun egiten duena.

 

   Martxoan klubean sortu zen sutea itzaltzea egokitu zitzaion. Ardura handia zen, eta Imanolek emozioz eutsi zion erronkari. Hunkituta. Reala bizi du. Pasioa eguneroko lanari lotuta dago; gazteei bidea erakutsi eta haiek estutzea izan da orain arteko ardura, hobeak izan daitezen, testuinguru baten barruan.

 

   Testuinguru hori jokoak irudikatzen du. Harremanak sustatu behar dira berdegunean, lan metodologia egokian oinarritua, betiere jokamolde argi baten alde. ¨Taldeari nortasun punttu hori eman”, horiek izan dira bere aurreneko hitzak talde nagusiko entrenatzaile gisa. Xede hori du, jokoaren izenean.

 

   Sanseren aurtengo emaitzek ez dute joan zen denboraldikoen distirarik. Taldea eraberritu dute. Gaztea da oso. Imanolek bidearen garrantzia azpimarratu nahi zuen duela astebeteko elkarrizketa hartan: ¨Taldearen jokoarekin oso pozik nago. Jendeak emaitzei erreparatzen badie, gaizki gaudela pentsatuko du. Baina ez da egia. Jokoa badaukagu eta emaitza onak iritsiko dira¨.

 

Erronka zaila zuten gazte txuri-urdinek joan zen larunbatean Gobelan. Zelaia berezia baita, zaila oso bere ezaugarri bitxiengatik. Etxeko taldearen jokoa zelai bereziaren baitan eraikia dago hein handi batean, eta bisitariek euren ohiturak aldatzeko tentazioa izaten dute. Batzuetan norberaren joko izaera desitxuratzeaino.

 

   Larunbatean zelaira ondo moldatu ziren gazteak, bere ohiko nortasunarekin jokatu zuen taldeak, eta azkenean hiru puntuak etxera eraman zituen. Joko izaera argia, unean-uneko baldintzen araberako ñabardurekin. Baina nortasuna galdu gabe.

 

   Eta Sanseren funtsa, haztegiko beste taldeak bezalaxe, jokoaren ekimena izatean datza. Entrenatzaile bakoitzak gero bere ukitu berezia emango dio. Ñabardurak dira, azken finean, baina oinarrizko printzipio batzuetatik abiatuta.

 

   Realeko entrenatzaile aldaketarekin, hasiera batean, hori espero daiteke joko aldetik: azken boladan txuri-urdinak ezagun egin dituen molde horri eustea. Bide horretara itzultzea baldin bada apustua, ñabardurak ñabardura, zer bilatzen zuten agintariek Asier Garitano fitxatuta?

 

 

   Bergarako entrenatzaileak balentria itzela egin zuen Leganesen. Duela aste batzuk zera esan zuen: ¨Klubean bazekiten nire jokatzeko era nolakoa zen, gauza ezberdinak egiteko fitxatu naute¨. Garitanok zintzo jokatu du bere futbol ideiekin. Malgutasun falta leporatuko diote zenbaitzuk. Zurrunegi jardun duelakoan. Leganes gailurrera eraman zuen joko ereduari eutsi zion entrenatzaileak, atzealdeko jokoa sendotu nahian, baloi jabetzari aparteko garrantziarik eman gabe. Espazioa lantzeko beste irizpide bat izanik, jokamolde horretarako jokalari aproposak izan al ditu? Galdera ere zilegi izan daiteke entrenatzailearen ikuspuntutik.

 

   Kontuak kontu, taldeari ez dio etekinik atera. Futbolari batzuk beste jokamolde baten alde azaldu dira hilabete hauetan, euren dohainekin moldagarriagoa den beste joko mota baten alde, alegia. Denboraldi aurrean Mikel Merino, aurtengo fitxaketak, zera nabarmendu zuen elkarrizketa batean: ¨Deigarriena egin zaidada zera da, Realeko futbolariek baloia izateko duten bokazioa¨.

 

   Arestian Garitanoren ahotan irakurritako hitzei helduta, jokatzeko arras ezberdina den zerbait garatu nahi bazuen Bergarakoak, zergatik ez zioten horretarako osagai aproposagorik ekarri? Hegalerako bakarren baten beharra azaldu zuen publikoki.

 

   Klubak exijentzia maila igo nahi zuen Asier Garitanorekin egunerokoan. Baina Ruben De La Barrera laguntzaile gisa jarri izanak gutxi zuen joko koherentziatik. Futbola sentitzeko eta gauzatzeko oso modu ezberdinak dituzte bi horiek. Galiziarra duela hilabete joan zen; Asier Garitano urtea amaitu aurretik kargugabetu dute.

 

   Jokin Aperribay klubeko presidenteak jokoaren inguruan esana denboraldi hasieran: ¨Taldeak estilo bat aurkituko du¨. Estiloa egitasmo baten oinarrizko abiapuntua dela jakinda, Roberto Olabe futbol zuzedariak Imanolen aurkezpenean kluba joko aldetik ezagun egin duen bidera itzultzeko asmoa azaldu zuen. Imanol Alguacilek Sanseko entrenatzaile gisa metodo eta jokamolde aldetik erakutsi duen arrakasta nabarmenduz.

 

   Jokoa da futbolaren muina. Eta joko mota bakoitzak bere baliabideak behar ditu eragingarria izateko. Orain,  Imanolen aldekoa da apustua. Etxean zuten entrenatzailea. Mutur batetik bestera, beste behin.

 

 

                                                                                                                                       Naxari Altuna (kazetaria)

                                                                                                                                                          @naxaltuna

 



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink: