Haztegia oinarri || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Haztegia oinarri

BLOG

Haztegia oinarri
2 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 4.5 / 2

Image23/09/2015

 

Udaberriko arratsalde bero hartan ezintasuna gailendu zen partida osoan, argi gorria pizteraino. Ezinak ekina azpiratuko zuela zirudienean, zoriona nabarmendu zen azken hatsean.

 

   Harmailak eztanda egin zuen. Jokalariak dardar batean,  entrenatzaileak hartu zuen hitza, egun hartako sufrimendua eta bidean izandako gorabeherak hizpide: irakaspen gordinaren balioa. Eskarmentua bidelagun, aste batzuk lehenago hasitako lana jarraitu nahi zuen. Berak ondo ezagutzen eta sinesten duen bidean aurrera. Bere mutilekin. Etxean hazitako gazteekin.

 

   Agintariek, ordea, aulkirako beste asmo bat zerabilten buruan. Baina, arantzaz beteriko testuinguruan, emaitzez haratago, etorkizuna eraikitzeko lurra landu beharra zegoen. Kluba  berpiztu, aldarte egokian, arratsalde hartan taldeak Sabadellen eragindako poza eta algara abiapuntu hartuta.

 

    Berdegunean gorriak pasa eta gero etxera begira jarri ziren agintariak, ezinbestean. Merke eta ona, pentsatuko zuten, halabeharrez. Futbolean askotan hori izaten da ordena: lehenengo, zenbatekoa; gero, benetako balioa. Hiru hilabete geroago, beste hainbat tokitan gertatu bezala, ordena aldatzen ari da: ona, lehenengo; eta, gainera, merke (erangingarri esatea nahiago).

 

   Jokalariaren balioak, talentutik abiatuta, konpromisoan du oinarria: lanerako grina, talde lanaren espiritua eta ilusioa. Berdegunetik harmailetara doan zubia sendotzen ari da, talde gidariak denboraldi-aurrean iragarri bezala. Etxeko entrenatzailea behin behineko baliabidetzat (suhiltzailetzat) jo zuten joan zen denboraldiaren hondarrean, eta beste aukera batzuek aintzat hartu zituzten bide berria jorratzeko, baina taldea abian zen udaberriaz geroztik. Azkenean, etxeko lemazainari eutsi zioten.

   

    Igandean Romaredara begira ginen. Osasunak erronka gogorra zuen aurkari zitalaren jauregian. Emaitza ezin hobeak lortuta iritsi ziren gorriak Zaragozara. Eta han, talde bat nagusi izan zen; azken hilabeteotan aurreko agintariek eragindako miserien zalaparta eta bulegoko gabezien zama bizkar gainean eraman behar izan dituen gazte talde bat: Enrique Martin Monreal, klubeko ikur handi batek aulkitik zuzendua; Oier Sanjurjo kapitain eredugarriak berdegunean hauspotua; Roberto Torres, azkenean, taldeko lider teknikoa bilakatua; eta, errotik sortutako beste hainbat gazteren ekarpenarekin. Egitura hori izan da jatorriz harrobia lantzen duten kluben helduleku nagusia. Muina. Lorpenik handienen oinarria. Baina premiak, negozioak berak, ohiko moldeak hautsi izan ditu. Eta gero gerokoak.

 

   Bidean hazten ari da Osasuna, jokoaren motor indartsuari helduta. Nolanahi ere, oztopo handiak gainditu beharko ditu oraindik. Helburuak eguneroko jardunean finkatu behar dira,  egun batean garesti atera zena alboratu, artesauen lana babestuz. Arrakasta izanez gero, orduan harrobiaren loraldiaz hitz egingo da. Gaur egungo futbolean ezagun da: haztegia oinarri, krisi garaian. Heldulekurik sendoena. Reala, Celta, Sporting eta Las Palmas bezalako taldeak zulotik atera zituena. Orain onenen artean daude.

 

 

 

                                                                                              Naxari Altuna (periodista)  Image @naxaltuna



COMENTARIOS

Name
30/09/15 10:08AM

EARRA NAXARI!


Name
30/09/15 10:08AM

EARRA NAXARI!


Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA