Zer ari da gertatzen Marseillan?
Galdera ez da berria. Eta egunek aurrera egin ahala, agian zaharra ere bilakatu da, ordu gutxian hango futbol taldearen inguruan sortu den enegarren lurrikarak kluba hankaz gora jarri duelako.
Astelehen ilunabarrean Olympique Marseillako jarraitzaile talderik sutsuenetako liderrak Pablo Longoria presidentearekin bildu ziren. Oviedon jaiotako agintaria mehatxatu zuten. OMko zaleen etsipena taldearen emaitza kaskarren ondorioa da, joko eskasarena. Txapeldunen Ligako aurrekanporaketan Panathinaikosek bide bazterrean utzi zuen, penaltietan. Kolpe latza jaso zuten Stade Velodromera hurbildu ziren zaleek. Beste bat. Hurrengo egunetan zenbait jokalarik taldea utzi zuten, tartean Dimitri Payetek, azken urtekotako ikurrak. Zaleen kuttuna. Mateo Guendouzi euskarriak ere hanka egin zuen.
Ligan justu antzean dabil taldea, jokoz batez ere, eta igandean Toulousen aurka hutsean berdindu ondoren harmailak eztanda egin zuen. Ez da aurreneko aldia, ez da azkena izango.
Frantzian zaleek sekulako indarra eta boterea dute. Klub baten egunerokoa aztoratzeko gauza dira. Jarraitzaile talde antolatuen buruak futbolariak bezain ospetsuak dira. Onean izugarrizko giroa sortzen dute (Marseillaren partidak ikustekoak dira), txarrean arriskutsuak bilakatzen dira.
Duela bi urte, taldea gainbeheran zela eta, zaleek euren indarra erakutsi zioten klubari, Commanderie kirol hirian sartu zirenean. Sekulako liskarra sortu zen han, suziriak eta bortizkeria tarteko. McCourt familia estatubatuarra da klubaren jabea eta erabaki latza hartu zuen nagusiak, garaiko presidentea kargugabetuta. Zaleekin bilerak egin zituzten, haietako batzuk atxilotu, eta jarraitzaileak lasaitzeko presidente berria izendatu zuten: ordura arte kirol zuzendari izandako Pablo Longoria gaztea.
Aurreneko hilabeteetan giroa baretu zen; Jorge Sampaolirekin taldea Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu zen. Baina Marcelo Bielsak duela zortzi urte bezala, Sampaolik hurrengo denboraldia hasi aurretik dimisioa eman zuen. Lehenago, Andre Vilas-Boas portugaldarrarekin gauza bera gertatu zen. Aste gutxi batzuk behar izan ditu Marcelinok erabaki bera hartzeko. Marcelino Garcia Toral uztailean iritsi zen Marseillara, Igor Tudor aurreko entrenatzaileak ez zuelako kontratua berritu nahi izan… taldea Txapeldunen Ligako aurrekanporaketara eraman arren. Bi gainditu behar zituen multzoen fasean aritzeko. Eta hirian, zaleek eta kazetariek, arreta guztia balizko azken kanporaketan jarria zuten. Sporting Braga izango ote zen aurkaria? Baina Olympique Marseillak kale egin zuen aurreneko ahaleginean eta ez zen bigarren kanporaketarik izan eurentzat.
Full Story