Emaitzen bidegurutzean || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Emaitzen bidegurutzean

Emaitzen bidegurutzean
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 3.667 / 3

ImageMontanier, dimisión”beste behin, Anoetan. Emaitzaren berotasunean. Sentsazioak alde batera utzita. Sua, beharbada, piztuta zegoen, haserrea gori-gori, Kordoban gertatutakoaren ondoren.  Joan zen denboraldian Mallorcan  bezala, agian. Baina hau ez da berria, Kopan horrelako atsekabeak aspaldikoak baitira: Irundik, Mirandara.

 

   Behin batean, galdutako bide baten bila zebilen Reala. Galbidera eraman zuen bide okerra ahaztu nahian. Koherentziari eutsi eta etxeko baratzari atea zabaldu zion. Zuhurtzia behar zen; baina, ororen gainetik, sinistu. Bertako fruituekin klubaren osasunak hobera egin zuen, ibilian garatzen hasteko. Gazteen bilakaera bultzatu eta jokoa aberasteko Frantziako ligara jo zuten, Raynald Denoueixen emaitzak eta metodoa gogoan. Baina, ordukoarekin alderatuta, haztegia zen oinarria oraingo honetan. Erdigunetik, harrobia egitasmoaren oinarri.

 

   Ikasketa eta garapen prozesu honetan, bataz-beste, etxean hazitako zazpi-zortzi bat jokalari ari dira hasierako hamaikakoan. Fitxaketen ekarpenari dagokionez, kontuak-kontu, zaharrak berri, oraingoz. Eta errezeloa aulkian: hainbatek, Martin Lasarte uruguaitarrak betetako helburua mahai gainean jarri eta Diego Rivasen auzia ardatz hartu zuten entrenatzaile aldaketaren inguruko desadostasuna azaltzeko.

 

   Ageri ziren Asier Illarramendi eta Ruben Pardo (gutxiago), ageri Javi Ros (are gutxiago), eta halako batean amaitu zen Mikel Aranbururen ibilbide profesionala. Illarra ari da bidea egiten, bere tokia guztiz zehaztu gabe: euskarri finkoa, erdiko atzelarien aurretik kokatu beharrekoa, ala figura horren osagarria ote den ondo jakin barik. Gorka Elustondo eta Markel Bergara min hartuta daudela kontuan hartuta, euren ibilbide gorabeheratsuaren erdian, oreka bilatzeko lema Illarrak hartu beharko du, argi eta garbi, interferentziarik gabe, berak gustuko duen tokian: defentsaren aurretik, jokoaren iturburuan. Baina nork lagunduta? Pardok, Rosek… Nahasketa berri bat egin beharko du Philippe Montanierrek. Izan ere, erdiko bidea arantzaz beterik dago: aipatutako hutsuneez gain, min hartu arte taldeari sakontasuna eta arima ematen ziona ez da jarraipena izaten ari (David Zurutuzak gaisorik hasi zuen denboraldia eta Benito Villamarinen hautsi zen). Zuru, azken denboraldietan, gehien hazi den erdilaria da, eta bere ekarpena nabarmenda da. Antoine Griezmann, jokoari gatza eta piperra ematen dion deabrua ere ez dago jokatzeko moduan. Eta hortik aurrera zaharrak berri: Xabi Prieto laino artean dabil aspaldi (ez kanpotik, ez barrutik), fitxaketak ikusteke (Jose Angel, Chory Castro eta aspaldiko Diego Ifran misterio bat dira).

 

Erasoko frontearen ekarpena pattala izaten ari da. Horien artean Carlos Vela ere aipatu behar da. Gorabeheratsua. Urrats bat aurrera egitea dagokie berari eta XPri; arean arrasto sakonagoa utzi behar dute, Gonzalo Castro eta Griezmann berarekin, Imanol Agirretxeren mugimenduen bizkarrean. Oldarkor eta zorrotzagoak izan. Asko hitz egin baitzen denboraldi hasieran erasoko baliabide bikainen inguruan; baina hori talde-lanean islatu behar da, aginte makila hartuta, arimaz eta gorputzez. Lider teknikoek baloia ondo ukitzea ez da nahikoa. Ildo horretatik, Carlos Martinezen grinak mesede egin dio taldeari azken partidetan.

 

   Egitasmoaren ardatza argia da. Jakina zen, emaitzak lagun ez baziren, entrenatzailearen aurkako hotsak entzungo zirela beste behin. Joan zen denboraldiko bigarren itzulian Betisen aurka Anoetan gertatu bezala. Errezeloaren sua ez delako sekula itzali. Talde zuzendaritzak ez zituen zalantzak uxatu. Ez egun hartan, ezta gero ere. Eta urte beteko kontratua berretsi zutenean, joan zen denboraldiko gorabeherek baldintzatuta hasi zuen aurtengo jarduna entrenatzaileak. Bere ardura da jokalariei etekina ateratzea, eguneroko lanean, erabakiekin,  irtenbiderik egokienak bilatuz. Taldea ez dabil noraezean (etxean batipat), baina osoa izateko asko falta zaio. Hasteko, eskarmentua erakutsi jokoan, erabaki taktikoetan zorrotzagoak izan, fidagarriagoak bilakatzeko. Denborak, bizipenek, eta talde osoaren kalitateak ahalbidetzen dituzte dohain horiek (osagai guztienak, entrenatzailea barne). Baina futbolean denbora ziztu bizian doa. Emaitzek dute azken hitza eta azkar ikasi behar da. Pazientzia ez dute inon saltzen. Bide honetan sakontzeko behar-beharrezko ezaugarria.

 

 

 

 

                                                                                              Naxari Altuna (periodista) Image  @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink: