Argia pizten denean || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Argia pizten denean

Argia pizten denean
5 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 3.75 / 4

NONI MADUEKE2021/09/14

 

 

Ronaldo Nazario aurrelari brasildarrak esana: “Luc Nilis izan da nire taldekiderik onena”. Ez da makala, Ronaldok bere kirol ibilbidean izan dituen erasoko kideak ikusita.

 

   Luc Nilis belgikarrarekin bat egin zuen Ronaldo piztiak 1994an Eindhovenen. Brasildarra Cruzeirotik eraman zuten, AEBetako Mundialean Brasilekin izan eta gero, baina ez zuen minutu bakar bat ere jokatu Munduko txapeldun berriekin. Romariok aholkatuta iritsi zen Herbehereetako txapelketara 17 urte zituela. Romario Da Souza Faria, bai, marrazki bizidunetako aurrelari izendatu zutena.

 

   Romariok bost denboraldi egin zituen PSVn. Vasco da Gamatik eraman zuten Seulgo Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazi eta gero. Philips Sport Vereniging (PSV): 1988ko udaberrian Europako Kopa irabazi zuen taldea, Romario iritsi baino hiru hilabete lehenago. Herbehereetan egungo UCL eskuratu duen hiru taldeetako bat da. Feyenoord izan zen aurrenekoa, gero Ajax azaldu zen, eta ondoren PSV. Bere urterik oparoenean, ordea, Romario edota Ronaldo baino aurrelari apalagoak zituen. Eta jada ez zegoen talde hartan Ruud Gullit, Milanek fitxatua. Ronald Koeman bai ordea, Europako txapeldunaren ikur nagusia.

 

 

   Aurretik UEFAko kopa irabazia zuen Eindhovengo taldeak, 1978an, Van de Kerkhof anaia bikiekin: Rene eta Willy. Ajax eta Feyenoorden mahaira hurbiltzen hasi zen eta argi berezia izan du Philipsek besoetan hartu zuen taldeak, batez ere gazteak fitxatzeko izan duen begi zorrotzagatik.

 

   Frank Arnesen futbolari ohiak ez zuen lan makala egin 1994tik aurrera kirol zuzendari gisa. Ronaldo iritsi zen, Luc Nilis ere bai, gero Ruud Van Nistelrooy, Arjen Robben ondoren, Memphis Depay eta Luuk De Jong geroago. Eindhovenen lur hartu, hango argiaz zipriztindu, eta diru-kutxa gizendu: Ronaldo Bartzelonara, Nilis Premier Leaguera, Van Nistelrooy eta Robben ere bai…

 

   Urteak pasa dira, gorabehera batzuk izan ditu PSVk, baina beti itzuli da mailarik onenera. Ajaxi itzala egiteko moduan da berriz ere, gazte bikainak fitxatzeko beti erakutsi duen trebetasunari esker. Aurki bereganatuko ditu munduko kirol berripaperen lerroburuak Chukwunonso Tristan Maduekek; Noni goitizena duen mutilak: Noni Madueke.

 

   Ingalaterran jaio zen duela 19 urte nigeriar jatorriko aurrelaria. 16 urterekin eraman zuen PSVk bere haztegira eta han Ruud Van Nistelrooy izan zuen maisu. Hark zorroztu zuen. Eskuin hegaletik bereak eta bi egiten hasia da: Herbehereetako Superkopan Ajax txikitu zuen Amsterdam Arenan. Bortitza da. Zitala. Atzera begira jarrita, Ronaldorekin gogoratuko da bakarren bat; Ronaldo Nazarioren potentziarekin.

 

   Cody Gakpo, beste hegalean jokatzen duen futbolaria ere ez da makala. Harribitxiak lantzeko PSVk duen abildadearen beste adibide bat. Edo Ibrahim Sangare euskarri sendoa; iaz Toulousetik eraman zuten Boli Kostako aingura. Irakasle aproposa dute aulkian, Roger Schmidt, aspaldi RB Salzburgen faktorian ibili zen entrenatzailea. Guardiola Munichen zela, Austria aldera salto egiten zuen tarteka, alemaniarraren jokatzeko erak harrapatuta. Osagai aproposak futbolaz gozatzeko.

 

 

 

                                                                                                    NAXARI ALTUNA (kazetaria)

 



COMENTARIOS

Name
21/09/21 02:46PM

Eskerrik asko. Datorren astean gehiago.


Name
18/09/21 11:11PM

Oso ona Naxari!!!!


Name
17/09/21 10:04PM

Artikulu bikaina Naxari!!!


nax
16/09/21 09:29PM


Estimatua dago, Albaro.


albaro
16/09/21 05:20PM

Beste behin ere, txunditurik utzi nauzu.

Bi hitzetan laburbilduz:

IN PAGABLE.


Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink: