Izarren dantza Parisen || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Izarren dantza Parisen

Izarren dantza Parisen
1 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 0 / 0

 Image2023-12-18

 

  Paris Saint-Germain Europako Kopa irabazteko egitasmo bat da aspaldi, baina bide malkartsu horretan eraman ezin duen gauza bat dauka: ez da Frantziako aurreneko txapelduna izango. Marseillak du ohore hori; aurreneko irabazlea, eta, oraingoz, bakarra izatearena. Horrek, besteak beste, hexagonoko talderik jendetsuena eta herrikoiena izateko aukera eman dio Olympique Marseillari. Lyonek zazpi liga jarraian irabazi zituen XXI. mendearen hasieran, PSGk bere palmaresa izugarri piztu zuen ondoren, Qatarren eskutan geratu zenean. Baina tituluak titulu, Frantziako zaleen talde kuttunak beste batzuk dira. Historikoki, Stade Reims, Saint-Etienne, Nantes, nostalgikoenak aipatzearren.

 

   Paris Saint-Germain klub gaztea da. Mende erdia besterik ez du. Frantziako hiriburuko eliteek eta artistek sortu zuten, hango futbolari distira emateko. Racing Club Paris izan da betiko klub historikoa. Baina PSG marka bat bilakatu zen hasieratik, Jean Paul Belmondo eta garaiko bere lagunek bultzatuta. Beti azkar hazi nahi izan du, prozesuei garrantziarik eman gabe, eta azken hamarkadako PSG da horren eredu. Ikur handi baten inguruan antolatu izan dute taldea: Zlatan Ibrahimovic izan zen QSIren aurreneko izar handia; Kylian Mbappe, bigarrena, egungo armarria. Eiffel dorrea itzalean izan dute bi horiek, hiriburuko monumento nagusi bilakatuta futbolari esker. Baina usteak erdi ustel. Klubaren egitasmoak eurak dira, izarrak, eta Europan jasandako porroten ondorioz hegan atera izan dira purpuraz asebeteta. Neymar, Messi, Verratti, Cavani, Rabiot, Di Maria… asko dira zalapartaren erdian alde egin dutenak.

 

   Guri beste garai batzuetan erakargarriagoa bilakatu izan zaigu berez xarma gutxi duen kluba. 1996an Errekopa irabazi zuen PSGk Luis Fernandez aulkian zuela. Rapid Vienaren aurkako finala Euskal Herrian prestatu zuten. Hendaian izan ziren, Serge Blancoren etxean, eta entrenatu, Irunen, Stadium Galen. Han konturatu ginen kluba beste dimentsio batean sartua zela. Canal + telebista katearen esku zegoen, eta irudi eskubideen mailan beste guztiei aurrea hartuta zeuden. Daniel Bravo, Youri Djorkaeff, Rai, Loko, Dely Valdés… ikusi genituen Irungo lan saioan, eta amaieran Luis Fernandez entrenatzaileari elkarrizketa eskatuta, hark ezetz: “Canal + kateak ditu gure irudi eskubideak. Ezin ditugu elkarrizketarik eman”. Orduan ikusi genuen etorkizunean lanerako izango  genituen eragozpen berrien hasiera. Zur eta lur geratu ginen… duela 27 urte!

 

   Rapid Viena azpiratu zuen finalean PSGk, baina hura ez zen ikusi genuen talderik xarmagarriena. Luis Fernandezek beste gogoangarriago bat izan zuen aurretik. Egitura sendoa eta erasoan zorroztasun handia zuena. Distira handikoa: Rai, Ginola eta Weah zitalekin. Sendoa eta dotorea zen talde hura, Valdo brasildarra joko animatzailea zela. Agian inoiz ikusi dugun PSG fidagarriena, biribilena.

 

   Ronaldinho, Ibrahimovic edo Mbappez haratago, Paris Saint-Germain Luis Fernandez bera, Safet Susic, Dominique Rocheteau, Le Guen, Guerin edo Pauleta izan direlako.

 

   Paris Saint-Germaini inoiz ikusi diogun partidarik zirraragarriena 1983ko Kopako finala izan zen. Nantes liga txapeldunaren aurkakoa, Printzeen Parkean. Han ziren Susic erdilari jugoslaviar bikaina, Luis Fernandez hiru birika zituen erdialeko hauspoa, eta Rocheteau ile kizkurra aurrealdean. 3-2 irabazi zuten paristarrek, baina egun horretako gauzarik aipagarriena, titulua alde batera utzita, Nantes taldeko Jose Tourek sartutako gola da. Gol ederragorik ikusi al dugu inoiz? Egiari zor, ez dakit. Itzela izan zen. Eta, batez ere, aspaldiko futbolari bikain horiek egindako bideari esker sortu zen “Ici, c’est Paris” lelo ospetsua. Gero urte zailak pasa zituzten, Monako, Girondins, Auxerre eta Marseilla gailendu ziren aroan. Philippe Bergeroo ziburutarra izan zuten entrenatzaile Bigarren Maila ate joka zela, baina ozta-ozta atera ziren aurrera.

 

   Qatarreko nagusiek dozena bat urte atzera eginda kluba eskuartean hartu zutenean Pastore argentinarra fitxatu zuten ikur gisa. Baina pott egin zuen. San Mamesen ikusi genuen PSG Europa Leaguen. Aulkira begirada bideratu eta han zen Antoine Kombouare kanaka, taldeko erdiko atzelari handia izandakoa. 1993an Real Madril UEFAko Kopatik at utzi zuen azken minutuan atea buruz behera bota ondoren. Distira zerion PSGri, Bartzelonak eta Real Madrilek gutxietsi zuten garaian. Baina Kombouare ez zen entrenatzaile distiratsua klubeko jabe berrientzat eta hura kanporatuta ezagun dugun entrenatzaile dantza eroa hasi zen: Blanc, Ancelotti, Emery, Tuchel, Pochettino, Galtier… Europarekin itsututa.

 

   Luis Enriquek bizkar zabala dauka. Zama handia eramateko ahalmena du. Baina kazetariak hasi zaizkio kontu eske. Mbappe tartean den bitartean, entrenatzaileen agintea ezbaian dago. Kapitaina da ontziaren gidaria. ‘Izarren hautsa’ abesteko tenorea izango da Anoetan.

 

 

                                                                                                     Naxari Altuna (kazetaria).

 



COMENTARIOS

???
05/01/24 03:38AM

Somos una fabrica que vendemos las camisetas del futbol al por mayor y al por poco, disponible los clubs por La liga,
premier league, serie A, Portugal League, Bundesliga, League1.......Las selecciones por Espaa. Francia, Italia, Alemania, USA, Canada,
Mexico, Colombia, Argentina, Chile...... muchos paises. Envio internacional, envio gratis para todos los productos ahora.
Whatsapp? 86 18792607905 Web: www.camisetabaratadefutbol1.com Instagram: camisetasbaratadefutbol3


Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink: