Duela urtebete ‘Romper el silencio’ deituriko dokumentala eskaini zuen Espainiako telebista kate batek. Lan horretan, Espainiako selekzioan aritutako hainbat futbolari azaltzen dira 27 urtean hautatzaile izan zen Ignacio Queredari buruz hitz egiten. Hura kargugabetu zutenean (2015ean), Espainiako selekzioan aspaldi aritu zen futbolari batek zera esan zidan, harriduraz: “Baina nola da posible hainbeste urte pasa eta gero gizon hori orandik hor egotea? Eta harrigarria da orduan ematen ziguten diru sari bera eskaintzea futbolariei”.
Galdera eginez gero, Estatuko futbol zale askok, gehienek ez esatearren, ez zuten jakingo Quereda nor zen. Futbola muturreraino eramaten duen herrialde batean. Irratietako tertulia ospetsuetan ez zen emakume futbolarien inguruan hitz egiten. Baina Kanadako Mundialetik etxera itzuli zirenean, orduan lurrikara sortu zen: hedabideetako lerro buru nagusietara jauzia egin zuten jokalariek.
Espainiako selekzioa 2015 hartan aritu zen aurrenekoz Munduko Kopan. Ez zen bigarren fasera sailkatu eta futbolariek, Barajasko aireportuan lur hartu zutenean, hara hurbildu ziren hedabideen aurrean ozen eskatu zuten hautatzailearen dimisioa. Zergatik? Aldaketa sakonak nahi zituztelako: pertsonak tratatzeko eratik hasita, lan baldintza duinak, entrenamendu hobeak, txapelketa bat behar bezala prestatzeko plangintza serioa, eta errespetua.
Full Story
Itzalean ere argi. Real Madrilen aurkako azken partidan emandako joko erakustaldiak itxi zuen bere ibilbide oparoa. Eta, bitxia da: zurien presidenteak inoiz pentsatuko zuen zuriekin jokatzeko jaio zela; Bartzelonak ere damua izango zuen. Nola ez zen egokia izango David Silva blaugranen garairik oparoenean jokoari distira emateko? Baina haiei izkin egin zien kanariarrak. Beste bide batzuk aukeratu zituen zoriontsu izateko, eta Euskal Herrian birritan gozatu dugu.
Larunbat eguerdia zen. Ipuruan entrenamendua amaitu berri Eibarrek, igandeko partida jomugan. 2004/05 denboraldia. Armaginek fitxatu berri zuten erdilari txiki baten zain ginen. “Begira, horko hori bere aita da”, esan zigun batek. Valentziak bere semea fitxatu zuenean, aitari lana eman zion klubak: Paternako entrenamendu zelaien zaindaria zen. Aitak jokalekua zaintzen zuen, semeak jokoa.
Jose Luis Mendilibar, Eibar taldeko entrenatzailea atera zen lehengo. “Zer, norbaiten zain”. Bai horixe. Silvarekin elkarrizketa hitzartu genuen. 18 urterekin iritsi zen Eibarrera Valentziaren haztegitik. Turiako hiriburura, berriz, Argineguinetik (Kanariar Uharteak). Eta Kanaria Handiko herrixka hori aipatzen dugularik, bakarren batek pentsa dezake han, futbolaren ikuspegitik, mikroklima antzeko bat ote dagoen: David Silvak hango beste artista baten bideari heldu nahi zion; Juan Carlos Valeron zuen ispilu.
Full Story
Munduko Kopa hasi aurretik bagenuen antolaketaren inguruan izandako komerien berri. Diruak eraman zuen Mundiala Qatarrera, azpijokoak. Jakina zen baloia jira eta bira hasi bezain pronto zalaparta guztia apalduko zela.
Munduko txapelketak zirrara handia eragin du berdegunean; zaleak erdigunetik urrundu zituen aspaldi ordea, eta soilik argentinarrek duten grina itzelak zertxobait hurbildu du Mundiala futbolaren bihotzera: herritarren pasioa. Txapelketaren inguruko edozein baloraziori, bai, baina… erantsi dakioke.
Jose Luis Akarregi laurogei urte pasa dituen artista irundarra da. Marrazkilaria. Pandemian zehar, izurriari lotutako afixak partekatu zituen gurekin; Errusia eta Ukrainaren arteko liskarrari buruzkoak ere irudikatu ditu, eta Mundiala amaitu berritan ondorengo marrazkia bidali digu. Adierazgarria oso.
Final atarian, FIFAko presidente Gianni Infantinok Munduko Kopako azpiegituren eraikuntzan lau hildako izan zirela aipatu zuen. Hedabideetan zabaldutako ikerketek, berriz, 6500etik gora ipini zuten langa. Zendutako gehienak India, Bangladesh, Pakistan eta Nepal aldekoak ziren. Eurek eraikitako estadioetan jokatu da Qatarreko Mundiala.
Futbola unibertsala da. Futbolaren globalizazioa deitu diote zabalkunde fenomenoari. Chelsea edo Interren elastikoak Amazoniako oihaneraino iritsi dira. Eta 2014an irudi bitxia ikusi genuen Katmandun.
Brasilgo Mundiala amaitu berritan, nepaldarrek Argentinako selekzioarekiko duten zaletasunaz jabetu ginen. Kalean makina bat lagun, adin guztietakoak, elastiko zuri-urdina jantzita ikusi genituen. Argentinaren aldekoak guztiak ere, Leo Messiri esker. Azken egunotan, Bangladesh aldetik, Indiatik ere bai, antzeko irudiak iritsi zaizkigu: Argentinaren garaipenak kalean ospatzen, Buenos Aires bailitzan.
Hangoak ziren Qatarreko azpiegiturak eraikitzen zendutako hainbat langile. Euren herrikideek Munduko txapeldunei erakutsi dieten leialtasunak, ordea, ez du bueltako keinurik izan haien aldetik. Gizatasun kontua. Detailea.
Futbolariak urrun dira. Soilik Irango selekzioak izan du bere herritarren aldeko keinua. Ausardiaz beterikoa, Irango errepublikako agintariak euren gizartea nola zigortzen ari diren aintzat hartuta. Heriotz zigorra ezarri zioten joan zen astean Amir Nasr-Azadani futbolari profesionalari, hango emakumeen aldeko protestekin bat egiteagatik. FIFAk ez du hatzik mugitu eta futbolariak isilik geratu dira. Euren kide bat arrisku bizian izan arren.
Full Story
Duela urtebete, Josh Cavallo Adelaide United taldeko futbolariak homosexuala dela adierazi zuen sare sozialetan. Bideo hartan hunkituta eta urduri azaltzen zen. Beldur zen jendeak nola erantzungo zuen. Futbol munduak, batez ere. Horrek agerian uzten du gaia tabu antzekoa dela gizonezkoen futbolean. Goi mailako hainbat futbolari ospetsuk Josh Cavallo australiarraren keinua txalotu zuten.
Adelaide Unitedeko atzelariak, Mundiala Qatarren jokatuko zela jakinda, bere kezka azaldu zuen. Australiako selekzioak hura deituz gero? Ordurako, Herbehereetan abian zen 2020ko Eurokoparako ONE LOVE ekimena, LGTBI kolektiboak eta beste hainbatek jasaten duten diskriminazioa salatzeko kanpaina. Budapesteko egoitza eta Orbanen gobernua begiz jota zuten. Municheko Allianz Arenaren perimetroa ortzadar kolorearen argiekin piztu zuten Alemania vs Hungaria partida bezperan. UEFAk estu hartu zuen Alemaniako federazioa. “Ekintza politikoa” bertan behera uztera behartu zuten. Ortzadarra itzali zen.
Bundesligak tinko erantzun zuen hurrengo denboraldian, kapitainei LGTBI kolektiboaren aldeko mezua duen besokoa erabiltzeko baimena emanez. Kornerreko banderatxoak ere horrela apaindu zituzten. Orain, UEFAk Eurokopan egindako mehatxua Qatarren gauzatu du FIFAk. Zigor hotsa entzuten duten bakoitzean federazioak eta futbolariak dardarrean hasten dira.
Full Story
FIFA erakundeko presidente ohi Joseph Blatterrek esan berria da: “Munduko Koparen antolaketa Qatarri ematea akats handia izan zen”. Futbol agintaritzaren jainko izandakoak bere iritzia eman du zalapartaren erdian. “Herrialde txiki bat ez da egokia horrelako txapelketa bat antolatzeko”, gaineratu du suitzarrak. Horretan geratu da bere ahots kritikoa. Gertatu direnak eta gertatzen ari direnak gertatuta. Blatterrena galanta da. Qatarreko hautagaitza bultzatu ez izanaren bere benetako arrazoia, sinestezina.
2010eko abenduaren 2an, 2018 eta 2022ko Munduko Kopak antolatuko zituzten herrialdeak aukeratu behar zituzten. FIFAko presidenteak amets galaktiko bat egi bihurtu nahi zuen: Errusia eta Estatu Batuei Mundiala antolatzeko ardura emanda, Bakearen Nobel saria jasoko zuela uste zuen. Gerra hotzaren amaiera biribila.
Gianni Infantinok, Blatterren ordezkoa futbolaren gobernuan, Munduko Koparen argiarengatik izan ez balitz, Qatarren egin beharreko aldaketek hamarkadak beharko zituzketela adierazi berri du. Beltzetik zurira.
Mundialeko bi egoitzak aukeratzeko bozketa egin baino egun batzuk lehenago, Parisen hasi zen petrodolarren dantza. Eliseo jauregian Nicolas Sarkozy, Errepublikako presidentea, Qatarreko egungo Emirra, eta Michel Platini UEFAko presidentea batu ziren, besteak beste, mahaiaren inguruan. Futbolaren diplomazia gori-gori. Mundiala hizpide, eta negozio biribila mahai gainean: PSGren salmenta, Al Jazeeraren menpeko BeIn Sports katearen sarrera Frantzian, eta hegazkin militarrak erosteko tratua. Frantziaren interesen arabera, Qatar zen Mundiala antolatzeko herrialderik egokiena. Uste argi horrekin zutitu zen bilera hartatik UEFAko presidentea. Estatu Batuei bere botoa emango ziela agindu arren, arabiarren aldeko kanpaina egiten hasi zen bapatean.
Michel Platini futbolari handia izan zen. Frantziak inoiz izan duen handiena, beharbada. Jokatzen ikusi genuen, eta ikaragarri gozatu ‘10’ paregabearekin. Zelaiko aginte makil bera erabili zuen bulegoetan. Baina zaleen lilura berdegunean piztu zuen: Nancy, Saint-Etienne, Juventus eta Frantziako selekzioarekin. Erasoko erdilaria izanik, hiru aldiz izan zen Italiako Ligako golegile nagusia, Maradonaren garaian, eta hirutan irabazi zuen Urrezko Baloia.
Berdintasuna eraman nahi zuen futbol mundura, Italiako txapeldunak eta Albaniakoak Europan lehiatzeko eskubide bera izan zezaten. Baina bidean usteltzen hasi zen. Blatterrek bere ordezko gisa nahi zuen FIFAn. Platinik harengandik jasotako eskupekoak bi horien amaiera bultzatu zuen futbolaren agintaritzan. Platini afixatik erori zitzaigun. Muturreko galanta.
Full Story
2022/06/26
Futbol-Estatuen garaia bizi omen dugu. Ekialde hurbileko jekeek, aspaldi honetan, Europako klub ospetsuak erosteko erakutsi duten grina dela eta. Fair-play delakoa (joko garbia), zelaiko jarrerari lotuta zegoen garai batean; gaur egun, berriz, basamortutik etorritako jabe berrien azpijokoa zigortzeko sortu duten araua da gehiago. Neurriz jokatzea bilatzen du futbolaren gobernuak, diruaren poderioz neurri guztiak gainditu diren garaian.
Ez da jekeen ardura soilik. Dirua erruz dutenek beste hainbat hauspotu dituzte, diru kontuen injenieritzan trebatzeraino.
Petrodolar hitza futbolari lotuta ezagutu genuen aspaldi. Urteak pasa dira. Garai batean izar beteranoak erakartzen zituzten Emirerrietatik, dirutza ordainduta, hango jekeen apeta asetzeko. Petrolioa urruneko futbola zipriztintzen hasi zen.
2022ko Mundiala laister ate joka izango dugu. Normalean, jokoan beharko zukeen jada. 1978an Argentinako Munduko Kopa hego hemisferioko neguan jokatu zen, eta negu gorria izanagatik, ez zen Argentinako udan jokatu: hots, mendebaldeko neguan. Europako txapelketen egutegiak ezin ziren ukitu.
Oraingo honetan, ostera, basamortuko beroak eta petrodolarrek indar handiagoa erakutsi dute FIFAren aurrean, Mundiala mendebaldeko neguaren atariraino eramateko.
Full Story
“Frantzian daude munduko futbolari gazte onenak”. Esaldia Marcelo Bielsa entrenatzailearena da, Marseilla zuzendu zuen garaikoa. Argentinarrari ez zaio arrazoirik falta, Frantziako futbolaren izana eta bidea aintzat hartuz gero. Goi mailako kluben prestakuntza zentroak oparoak dira, Europako taldeek harribitxiak bilatzen dituzte han, eta gazteek etxean dute lekurik aproposena lehen kontratu profesionala sinatzeko.
Diruak eta ospeak itsututa, hainbat izar goiztiar bidean galdu dira, ibilbide okerra eginda. Profesional izatera iritsi bai, baina aurreikusitako bilakaeratik urrun geratu izan dira. Frantzian, Antoine Griezmannen familiak aukeratu zuen bidea eredugarria izan da hainbatentzat. Hexagonoko harrobietan ez zuen lekurik aurkitu eta Realean hazi zen. Zubietan egindako lanari esker gazte mailako selekzioan jokatzen hasi, eta 19 urtez azpikoekin Europako txapeldun atera zen Normandian jokatutako txapelketan. Baina Frantziako selekzio gazte hartako izarra ez zen Griezmann; ezta Alexander Lacazette ere, garai hartan Lyonekin goi maila zapaldu zuen mutila. Gael Kakuta aurrelariarentzat ziren lerroburu nagusiak.
Kakuta, begietatik sartzen zen futbolaria, Lens taldean hazi zen. Frantzia iparraldeko ikur handienetakoa da RC Lens: Sang et or, meatzarien omenez. Familia kutsuko kluba, Hexagonoan gehienak izan diren bezala. Zaleak bikainak dira. Futbola izan dute han denborapasa nagusia, eta Felix Bollaerteko harmailetan hori nabarmendu izan da.
Gael Kakuta, belaunaldi gazte hartako ospetsuena, bidean galdu zen Chelseak bere atea jo zuenean. 16 urte zituen. Futbolaria eta Londresko taldea bera ataka batean sartu ziren.
Lensekin kontratua hautsi zuen futbolariak Chelseara joateko eta FIFAk biak zigortu zituen: Kakutari jokatzea debekatu zioten eta urdinei fitxatzea galarazi. TAS erakundeak, kirol arazoetarako epaitegiak, zigorrak ezerezean utzi zituen aurrerago. Nolanahi ere, Frantziako futbolaren harribitxiak kaltea egina zion bere buruari, kirol ikuspegitik bidean galdu baitzen: hamaika talde ezagutu ditu bere ibilbidean, eta bitxikeria gisa, Lensen ari da egun, duela hamabost urte kontratua hautsi eta gero. Bizitzaren parabola xelebrea.
Full Story
Saint-Etienne vs Auxerre, bi klasiko handi aritu dira nor baino nor gehiago: L1ari nola edo hala eusten aurrenekoa, L1era itzultzeko lehia bizian bigarrena. Gertatzen zena gertatzen zela, zapore gazi gozoarekin geratuko ginen.
Hamar urte igaro dira AJA (Association de la Jeunesse Auxerroise) Bigarren mailara jaitsi zenetik. Txapeldunen Ligan Real Madril, Milan eta Ajaxen aurka jokatzetik, amildegian behera erortzera igaro zen Borgoñako talde ospetsua.
Auxerre herria da, futbol herri gogoangarria. Herri handi bat edo hiri txikia, Vila-realen tankerakoa. Futbolaren ikuspegitik, hamaika irakaspen utziak ditu bere ibilbide bitxiari esker. Eskualdeko txapelketa mailan hartu zuen entrenatzaile gazte batek 1961ean, artean 23 urte zituela; entrenatzaile/jokalari gisara iritsi zen klubera. Bi hamarkada ez ziren pasa taldea Lehen mailara iritsi zenean. Aurreko urtean, 1979an, Kopako finala jokatu zuen Auxerrek Nantesen aurka. Beti entrenatzaile beraren gidaritzapean: 1961etik 2005era arte.
Auxerreko aurreneko izar distiratsua Poloniatik iritsi zen, Europa ekialdeko kirolariak atzerrira ateratzea zaila zen garaian. Andrzej Szarmach golegile handiak sona eman zion Borgoñako taldeari. Bere golei esker bidea egiten hasi zen gorengo mailan talde zuri-urdina. Baina ez zen Szarmach bakarrik, Joel Bats izeneko atezain gaztea ere handik zebilen bueltaka (gero PSG eta Frantziako selekzioko ikurra izango zena); edo Basile Boli atzelari bortitza (Marseillari Europako Kopa eman zion futbolaria, Frantziak lortu duen bakarra); Jean Marc Ferreri ikusgarria Alain Giressen ordezkoa izan zen Auxerre utzi eta Bordelera joan zenean (Girondinsen eta selekzioan hartu zuen Gigiren lekukoa). Baina, batez ere, Eric Cantonari atea zabaldu zion taldea da Auxerre, Marseillan jaio eta Borgoñan hazi zen txori hegalariaren habia.
Szarmach bibotedunaren alboan hasi zen aurreneko golak egiten, urte batzuk geroago Manchesterren errege bilakatuko zen futbolaria. Bide luze eta oparo horren gidaria Guy Roux aztia izan zen. Goi mailako aulki batean urte gehien eman duen entrenatzailea.
Full Story
1982ko abendu hasieran gizon txiki hura ikusi genuen Arcachonen, hilabete batzuk lehenago Sevillan gol eder hura sartu zuena; Mundialeko finala jokatzeko erabakigarria izango zela uste genuena.
Frantzia eta Alemania nor baino nor gehiago ari ziren Sanchez Pizjuanen. Harald Schumacherrek ospitalera bidali zuen Patrick Battiston atzelaria, hortzak txikituta eta konortea galduta. Thriller kutsuko partida hura Munduko txapelketen historia liburuetan ageri da, letra larriz. Eta, bai, telebistari josita, Alain Giresse handiaren gola erabakigarria izango zelakoan finalari begira jarri ginen.
Espainiako Mundialean nabarmendu zen Michel Hidalgoren taldea, baina Alemaniak bi goleko atzerapena izan arren, Frantziak luzapenean lortu zuen aldea ezerezean utzi zuen. Penaltietan garaile atera zen Mendebaldeko Alemania. Orduan konturatu ginen, beste behin, nor zen benetako otsoa. Gary Linekerrek gordin sufritu eta ondo azalduko zuen urte batzuk geroago.
Alain Giresse, Girondinseko kapitaina, kirol ekitaldi bateko sari banaketa egitera hurbildu zen Arcachonera. Haren jokoak, maisutasunak, harrapatu gintuen 1982ko uda hartan, eta harrezkero ez genion begirik kendu. Betiere Jean Tigana prestuaren babesean. Battiston atzelari sendoa Bordelen batu zitzaien Saint-Etienne ospetsua atzean utzita. Marius Tresorrekin klase handiko atzealdea osatu zuen. Bi horiek Girondinsen formakuntza zentroa zuzendu zuten urte askotan. Futbolari handiak atera ziren Haillango zelaietatik: Bixente Lizarazu eta Christophe Dugarry, Munduko txapeldunak, azpimarragarrienak. Nortasun handiko jokalariak, Frantziako futbolean arrasto sakona utzi duen klubean: FC Girondins Bordeaux (FCGB), eskapularioaren taldea.
Full Story
Rinat Dassaev atezaina hesia kokatzen. Michel Platini jaurtiketa egiteko prest eta bere aurrean lau futbolari: Anatoli Demianenko, Vassili Rats, Igor Belanov eta Pavlo Yakovenko. Printzeen Parkean 1986ko udazkenean jokatu zen partidaz gozatu, Sobietar Batasunaren joko erakustaldia aintzat hartu, eta izan zirenaz, elkarrekin bizi zutenaz hausnartzen hasi gara…
1988ko Eurokoparako sailkatze fasea zen hura. Frantzia bide bazterrean utzita (0-2 Parisen), Europako txapelketako finalera iritsi zen SESB. Finalean amore eman zuten sobietarrek Herbehereen aurrean (2-0). Txapelketako lehen partidan ere elkarren aurka aritu ziren; hasi eta buka. Estreinako neurketa hartan Sobietar Batasuna garaile atera zen, baina lehiaketak aurrera egin ahala herbeheretarrak indartsuagoak bilakatzen hasi ziren: Koeman, Rijkaard, Gullit, Van Basten… Urteen poderioz benetako balioa eman zitzaion SESBen ibilbideari.
Emaitzak alde batera utzita, egindako jokoagatik piztu zuten zaleen arreta sobietarrek. Hamabost Errepublikaren batasuna izaki, errusiarrak ez ziren selekzio hartako ardatza. Ez antzik ere. Dassaev atezaina handia zen, Errusiakoa; erdiko atzelarietako bat ere hangoa zen, Vaghiz Khydiatouline bortitza. Baina beste guztiak, edo gehienak behintzat, ukrainarrak ziren. Futbolari apartak.
Full Story