Duela hilabete inguru Alemaniako Regionalliga delakoak indar sinboliko handiko partida eskaini zigun Nordost eskualdean: Carl Zeiss Jena vs Lokomotive Leipzig. Ikur ahaztezinak garai bateko Alemania ekialdean. Europan ospetsu izatera iritsi ziren 1980ko hamarkadan, makina bat balentria egin eta gero.
Carl Zeiss Jenak Errekopako finala jokatu zuen 1980/81 denboraldian Düsseldorfen (Mendebaldeko Alemania), Dinamo Tblisiren aurka. Georgiako taldean Sobietar Batasuneko selekzioan garrantzia handia zuten jokalariak ari ziren. Berlingo hesitik ekialdera geratzen zirenez bi herrialde horiek, Düsseldorfeko finalera oso zale gutxi hurbildu ziren. Garai hartako burokrazia astun eta korapilatsuak partida telebistan ikustera behartzen zuen. Vitaly Daraseliaren azken orduko gol bikainak Jenako taldearen ametsa hautsi zuen. Ekialdeko Alemaniara eskuhutsik itzuli zen, finalera bidean, besteak beste, Carlo Ancelotti, Agostino Di Bartolomei eta Bruno Contiren Erroma jipoitu zuen taldea.
Duela aste batzuk Regionalligan izan zuten aurkaria, Lokomotive Leipzig alegia, Jenakoen amets hura gorpuzten saiatu zen 1986/87 sasoian. Errekopako finalerdia gogoan dugu: Girondins Bordeaux vs Lokomotive Leipzig. Joaneko partidan, Bordelen, alemaniarrak nagusi izan ziren (0-1). Itzulerako neurketan, berriz, frantziarrak nagusitu ziren (0-1). Leipzigeko Zentralstadion zaharrean 73.000 zale bildu ziren. Europa ekialdeko futbol zelaiek handitasuna erakusten zuten, atletismo pistaz inguratuta, harmailak jendez lepo. Eta han zen, Girondinsen aulkian, Bernard Mitxelena, Aime Jacqueten laguntzaile fina, Katalosatik begira, jokalariak kokatu nahian.
Full Story
2021/09/29
Delioren lau gol haiek bere talde ohiari (Stade Reims); Rouenen aurkako erakustaldia urez gainezka egin zuen berdegunean; igoera eta titulua hurrengo denboraldian (1977/78): Nottingham Forestek bezala. Garaikideak, Monako eta Foresten balentriak.
Delio Onnisek bost aldiz irabazi zuen golegile nagusiaren saria Frantziako ligan, eta gurasoen etxera zaku bete gol itzultzen zenean arazorik gabe mugitzen zen Buenos Aires aldean. Inor gutxik ezagutzen zuen han.
Italian jaioa, Argentinan hazi zen, eta Stade Reimsek eraman zuen Frantziara 70eko hamarkadaren hasieran. Atzerritar kopurua mugatua zen garai hartan Europako txapelketetan. Reims ospetsuak Carlos Bianchi fitxatu zuenean Delio Onnisi hegalak moztu zizkioten.
Europako Kopako finala jokatu zuen Frantziako aurreneko taldearekin Monakon estreinakoz aritu ostean amari eskutitza bidali zion: “Egunen batean han jokatzeko deitzen badidate oinez joango naiz. Leku zoragarria da”. Bianchik bidea itxi zion Stade Reimsen, eta Deliok Monakoren deia jaso zuen, ustekabean. Ez zuen zalantzarik izan, Printzerriko taldea bigarren mailan izan arren.
Full Story
2021/09/14
Ronaldo Nazario aurrelari brasildarrak esana: “Luc Nilis izan da nire taldekiderik onena”. Ez da makala, Ronaldok bere kirol ibilbidean izan dituen erasoko kideak ikusita.
Luc Nilis belgikarrarekin bat egin zuen Ronaldo piztiak 1994an Eindhovenen. Brasildarra Cruzeirotik eraman zuten, AEBetako Mundialean Brasilekin izan eta gero, baina ez zuen minutu bakar bat ere jokatu Munduko txapeldun berriekin. Romariok aholkatuta iritsi zen Herbehereetako txapelketara 17 urte zituela. Romario Da Souza Faria, bai, marrazki bizidunetako aurrelari izendatu zutena.
Romariok bost denboraldi egin zituen PSVn. Vasco da Gamatik eraman zuten Seulgo Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazi eta gero. Philips Sport Vereniging (PSV): 1988ko udaberrian Europako Kopa irabazi zuen taldea, Romario iritsi baino hiru hilabete lehenago. Herbehereetan egungo UCL eskuratu duen hiru taldeetako bat da. Feyenoord izan zen aurrenekoa, gero Ajax azaldu zen, eta ondoren PSV. Bere urterik oparoenean, ordea, Romario edota Ronaldo baino aurrelari apalagoak zituen. Eta jada ez zegoen talde hartan Ruud Gullit, Milanek fitxatua. Ronald Koeman bai ordea, Europako txapeldunaren ikur nagusia.
Full Story
2021/02/25
Nola egin aurre galduta dagoen kanporaketa bati? Futbolariek kolpe zitala jaso zuten joaneko partidan, zaleen ilusioa itzali zen, errealitate gordina gora eta behera. Ze irakaspen uzten du horrelako egoera batek? Nondik heldu, baina, itzulerako neurketari? Hamaika iritzi eta gogoeta interesgarri bat: muturreraino lehiatu agertoki paregabean, zailtzeko prozesuaren parte garrantzitsu gisa. Eskarmentua.
Ipuin tankerako istorioa jarraian. Benetazkoa. Gertakariaren irakaspenik onena, emaitzaren gainetik: galdutako kanporaketa bati nola aurre egin. Jarrera.
Frantzia Europako txapeldun izan zen 1984an. Formakuntzan trebatutako herrialdea, belaunaldi bikaina zuten urdinek. Michel Platini zen ikur nagusia, Frantziak inoiz izan duen futbolaririk handiena. Juventus taldeko izarra zen ordurako, baina ez zuen bide erraza izan. Nerabezaroan Metz taldeak baztertu egin zuen. Txikiegia, ahulegia omen. Urte batzuk geroago gauza bera gertatu zitzaion Antoine Griezmanni. Metzek ez zuen asmatu, begirada okerraren poderioz. Indarra, sendotasuna lehenetsi zuten orduan.
Full Story
2021/02/01
Negua gogorra izaten ari da. Zaila. Frantziako futbolarentzat negu gorria aspaldi hasi zen, ordea. Koloretsua, armoniaz betea garai batean, erro sendoekin; Munduko txapeldunak dira, baina joka-lekua ez da osasuntsua. Hexagonoko futbolaren sustraiak bilatzen baditugu, azken hilabeteetan zendu diren hainbat jokalari, entrenatzaile eta presidente ekarri beharko genituzke gogora: Michel Hidalgo, Robert Herbin, Bruno Martini, Pape Diouf…
Jokoarekin konpromiso estua izan zuten horiek; gauzak egiteko eta futbola bizitzeko beste era bat zuten. Formakuntza aldetik, aitzindari eta eredu izan dira hango klubak: haztegiko lan metodologian, jokoaren garapenean… baina garai berriek talka egin dute jatorrizko balioekin. Aldaketa ez da egun batetik bestera gertatu. Gizartearen metamorfosiarekin bat egin du.
Marseillako zaleek eztanda egin dute. Hiriaren ikur nagusia da OM, Europako Kopa irabazi duen Frantziako klub bakarra. Paparrean daramaten izarra euren mugarria eta ispilua da, aldi berean. Velodrome futbol zelaia sumendi bat bezalakoa da. Harmailak kaleko giro biziaz zipriztinduta, zaleentzat euren taldeak ez du parekorik futbolaren unibertsoan. Marseille Trop Puissant!, irakur daiteke pankarta zahar batean. Klubaren urrezko aroaren ostean jaiotako jarraitzaile taldea da hori. Hondoa jo zuen OMk Europako Kopa irabazi eta handik gutxira, gehiegikeriek itota, eta Bigarren mailatik hasi behar izan zuten indarra hartzen. Bernard Tapie presidente historikoaren trikimailuek eraman zuten zulora, urtebete lehenago gailurra zapaldu eta gero. Marseille c’est trop…!, esan liteke. Basatia.
Full Story
Futbolaren koordenadak aspaldi aldatu ziren. Ez da latitude kontua: unean uneko premiak, bat-bateko umore aldaketak, aldakorrak bilakatzen ditu erreferentzia puntu nagusiak. Nondik gatoz eta nora goaz? Iparra jomugan.
Orain 20 urte Frantziako Liga irabazi zuen azken aldiz Nantesek. Ez da nolanahiko kluba. Haztegiko lana ardatz hartuta, oso filosofia berezia landu zuten horiek. Espainiako Gerra Zibilaren hastapenean ama eta arrebarekin batera Bilbotik Frantziara alde egindako Jose Arribas entrenatzaileak eraiki zuen egitasmo hura 60ko hamarkadan. Harrobiari helduta, jokoaren zaindaria bilakatu zen: futbolari eta entrenatzaileen maisu paregabea. Jokoa bidearen ardatz, talde-mugimenduan eta buruargitasunean oinarrituta. “Jeu à la nantaise” zigilua sortu zuen. Lehen mailara eraman zuen taldea, tituluak irabazi zituen, baina zaleek, ororen gainetik, bidea nola egin zuen gogoratzen dute.
Jose Arribasen ikasle fina izan zen Raynald Denoueix, futbolari gisa lehenengo, haztegiko entrenatzaile ondoren, talde nagusira iritsi zen arte. Transmisioaren kateak ez zuen etenik Nantesen. Duela 20 urte Liga irabazi zuen taldearen gidaria zen Realeko entrenatzaile ohia. Frantziako Liga hura ustekabean irabazi eta handik gutxira katea eten egin zen, ordea. Bortizki.
Full Story
2020/05/12
Hauskorrak gara. Oso. Sistema bera hauskorra da. Urruneko arazoa zelakoan, jokoz kanpo harrapatu du egitura osoa: goitik behera. Eraikitako jokalekua indartsua, osasuntsua zelakoan. Gabeziak agerian geratu dira; borondateak eta grinak, izerdiak eta elkartasunak leundu dute gainezka egin duen egituraren ezintasuna. Maskarillen beharraren irizpide aldaketak, testen misterioa, aldi baterako lan erregulazio txostenak, etxealdia, deskonfinamendua, politikarien arteko ika-mikak eta kontraesanak, lan merkatuaren prekarizazioa, hainbat jardunen etena, langabezia, osasun sarearen kolapso arriskua, beharra dutenen zaintzaren garrantzia, grafikoak, zifrak, kurbak eta ratioak. Eguneroko kezka eta paisaiaren parte bihurtu dira. Argiaren abiaduran bizitzetik, makina itzaltzera. GAME OVER. Egitura hauskorraren erdian, gizaki euskorrak.
Hainbat gauza duela ez hainbeste utzi genituen lekuan daude. Guri begira. Baina ez, derrigorrez, gure zain. Gizaldi oso bat pasa dela ematen du. Argiaren abiadan bizitzetik erabateko itxialdira aitaren batean pasatzearen shock-egoera. Egunerokotasunaren arnas faltak itota. Normaltasuna, amets bihurtua. Gauza xumeen balioa gogoaren erdigunean. Hainbaten gogoeta.
Full Story
Astelehena. Egun erabakigarria izan behar zuen korapiloa askatzeko. Itxaropena. Urtebeteko negoziaketak ustelak izan dira, eta futbolariek soka muturreraino tenkatu ondoren, halako batean, irtenbiderik ez zen lekuan bi konponbide posible ageri dira mahai gainean. Iturria zabaldu eta dirua ei dago. Bat-batean.
Duintasuna, futbolarien aldarriaren muinean; dirua, gastua, etekin eza, agintarien kezka. Azkenerako, irudi eskubideen lehiak baldintzatu du lan-hitzarmenaren afera. Langileak elkarrekin daude; zelaiaren beste aldean, ostera, bestelako norgehiagoka jokatzen ari dira erakundeak, boterea eta interesa ardatz dituen indar neurketa.
Futbolariek “aski da!” esan zuten duela aste batzuk. Grebarako deia egin zuten aho batez, lan-hitzarmena gutxieneko baldintzetan sinatzeko negoziaketak kale egin eta gero. Hemezortzi aldiz bildu ziren sindikatuak eta Kluben Elkarteko ordezkariak . Ahalegin antzuak, guztiak ere.
Bi muga. Marra gorria jarri zuten alde biek. Bakoitzak bereari eutsi dio. Bitartekaritzak ere huts egin du: Estatuko ordezkaritza tartean, Kirol Kontseilu Goreneko arduradunak eta Lan Ministeritzako kideak. Azkenean, arazoaren muina irudi eskubideen auzira bideratu da.
Full Story
Itsasontzi bat infernutik ihesi. Itsasoan bueltaka, portura begira. Hondartza gertu dago, jendea eguzkipean etzanda, uretan jolasean dira umeak. Udako kronika beltza. Ez dago porturik ontzian daudenentzat. Ateak itxi dituzte Europako agintariek, erantzunkizuna besteari leporatuz. Uda lehorra da mediterraneoan eta futbol talderik boteretsuenak apurka apurka etxera itzultzen ari dira, munduan zehar jira-biraka ibili ondoren, diru kutxa majo lodituta. Hasi da denboraldia.
Talde handiak ez dabiltza oso fin. Uda nahasia izan da eta aurreneko emaitza txar eta lesio andanarekin atzera begira jarri dira protagonistak: taxuz lan egin gabe ez dago oinarri sendorik. Beste interes batzuk gailendu dira bidean, globalizazioaren izenean. Zaleen aurretik bezeroak asetzeko tentazioa. Mundu mailako izarrak bilatzen dira, urruneko zaleak telebista bitartez gerturatuko dituztenak.
Afrikatik heldu ziren aspaldi denboraldi hasiera honetan zeresan handia ematen ari diren bi futbolari gazte. Egun batetik bestera izar bihurtu nahi dituzte, euren nerabezaroan. Eta halako batean, Rio Antonio Mavubaren istorioa etorri zaigu gogora, bere familia Angolako gerratik iheska zebilela Atlantikoaren erdian jaio zen mutilaren bizipena. Ama Angolakoa eta aita Zairen jaioa. Futbolaria. Mafuila Mavuba aitak Alemaniako Mundiala jokatu zuen 1974an, Leopardoekin (Zaireko selekzioaren goitizena). Mwepu Ilunga xelebrearen taldekidea, beraz.
Full Story
Gailurra zapalduta, han goitik gorria ikusten zen dena. Alhambra dotorearen koloreak sorginduta zegoen Granadako gaua. Sentipenezko sugarrek kiskalita. Ustekabean harrapatu izan balu bezala.
Han goian, Veleta mendia, eta gorago, Mulhacen. Oihuak eta algarak entzuten ziren nonbait. Handik gertu, baina handik urrun ere bai. Festa zen. Txoria-txori hegan eta herri oso bat dantzan. Aspaldiko sentipenak berreskuratu genituen Granadan.
1987ko ekainaren 27an Zaragozan ginen. Egarriz itota. Beroak jan beharrean. Hamaika emozio hamaika metroen bueltan. Atepean aingerua, eta haren inguruan taldekide prestuak. Haiek zabaldu zuten bidea. Eta 32 urteko lehortearen ondoren, lekukoa hartu dutenak iritsi dira. Irmo. Klubaren balioak ezin hobeto barreiatuz. Futbolaren arnasgune bilakatuta. Esentzia.
Gazteak oso, bidean zailduak, gorabeherak gaindituz. Tontorra urrun zegoen, ibilbidea malkartsua oso. Muturreko zailtasuna. Dena zen berria: testuingurua, haien inguruko zalaparta, erronka bera. Nortasunez egin zioten aurre mamu handi bati. Handienari.
Finala baino astebete lehenago Atletico Madrileko kirol zuzendaria Donostian izan zen, hitzaldi batean. Realeko kideak han ziren, eta Jorge Vilda Espainiako hautatzailea ere bai. Zurigorrien arduradun teknikoak hitza hartuta, euren azpiegituraren berri eman zuen. Liga irabaztear ziren (aste horretan lortu zuten), Bartzelonaren kaltetan. Blaugranek Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute datorren asteburuan Lyonen aurka, eta ezin izan dute talde koltxoneroa azpiratu azken hiru denboraldietan. Atletico Madrilek emakumezkoen hamalau talde dituela jakin genuen hitzaldi horretan, atezainen eskola ospetsua ere bai, eta Zubietan Liga irabazi ondoren, Jose Luis Sanchez Vera entrenatzailea bere lantaldea osatzen duten hogei lagunekin azaldu zen prentsa aretora. Gorengo maila.
Full Story